Seguruenik jakingo dugunez 2016. urtean Wroclaw eta Donostia Europako Kultur Hiriburuak izango dira. Euskal Herrian (eta bereziki Gipuzkoan) bizi garenon hiritarrontzako Donostia aski ezaguna dugu. Baina Wroclaw... Non dago? Nolakoa da? Zergatik izango da datorren urtean Kultur Hiriburua? Polonia eta Euskal Herria geografikoki elkarren urrun diren herriak dira, oro har urriak direla Euskal Herritik ikusirik haren historiarekin erlaziona ohi ditugun gertakari zein pertsonaiak.
Proiektu honek Poloniako Wroclaw hiria ezagutaraztearen helburua du, eta bide batez Poloniak izan duen bilakaera ere azaldu azken mendeotan, Wroclaw hiriaren historia Poloniako zein Europa erdialdeko historia baita zuzen- zuzenean. Horretarako Wroclaw hiria ezagutarazten duen 50 bat inguru argazkiko erakusketa prestatu dut, webgune eleanitz honekin (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) batera doalarik, multimedia bitartez ere (bideoak eta argazki zaharrak barne), informazioa guztia QR kode bidez zabalik eskainiz.
Erakusketa honen atzetik diren arrazoiak anitzak badira, bi dira bereziki proiektu hau aurrera ateratzeko indarra eman didatenak. 2003tik 2005era bitartean Wroclaw hirian lan egiteko aukera izan nuen eta herrialdea eta bere jendea gertutik ezagutzeko aukera izan. Familia arrazoiak ere badira, nire emaztea eta nire alaba poloniarrek ere herrialdearekin eta bere kulturarekin kontaktuan jarraitzeko aukera eman didate urte hauetan guztietan.
Wroclawek bestalde, Europako beste hiri askok ez duten berezitasunak ditu. Europa erdialdeko hiriek bezala bi Mundu Gerra bizitzeaz gain, II. Mundu Gerra aurreko Breslau alemaniarra izatetik Gerra ondorengo Wroclaw izatera pasatu zen, Jaltako Batzarrean adostutako Poloniako mugak aldatzeko erabakien ondoren. Gerran hildako milioika lagunez gain, beste milioika lagunen exodoa gehitu beharko genuke, Wroclaw eta Silesia Beherearen historia milaka lagunen lekualdatzearekin lotuta baita.
Gertakari hauek guztiak, baita garrantzitsuak diren beste batzuk ere argazkien bitartez azalduak dira erakusketa honetan, Wroclaweko monumentu, eraikin zein kaleek, hiriaren historiaz mintzo dira-eta.
2016/03/25: Argazki-erakusketa dela-eta, erakusketa honen egilearen hiriaren aurkezpena, Euskadi Irratiko Amarauna irratsaioan.
Eskerrak:
Juan Mari Gabilondo.
Asun Gonzalez.
Nerea Olazabal.
Erakusketa egutegia:
2016ko martxoaren 7tik 18ra. Ojanguren Institutua (Ordizia).
2016ko azaroaren 3tik 13ra. Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxea.
Panta Rhei Wrocław: Tomasz Walczak-ek fimatutako timelapse bat, erakusketa honek dituen argakietako toki gehienetan egina.