1944ko abuztuaren 24an, Adolf Hitler-ek Breslauko hiria (gaur egun 'Wroclaw') kosta ahala kosta sobietar armadaren aitzinatzearen aurrean babestu beharreko 'gotorleku militar itxia' deklaratu zuen. Hiriaren historia eta betiko itxura aldatuko zuen erabakia izan zen. Bere populazio zibil gehiena barnean harrapaturik zuelarik, "Festung Breslau"-k hamarnaka mila hildako eta hiriari hondamen-pilo ketsua utzi zizkion 80 eguneko setio epikoa jasan ondoren. Historia modernoaren setio basatienetako bat izaki, "Breslau-ko Gudua" Bigarren Mundu Gerrako giza tragedia handienen artean kokatzen da.
Iturria: https://www.inyourpocket.com/wroclaw/Festung-Breslau:-The-Siege-of-1945_70304f
Bigarren Mundu Gerra baino lehen, Breslau halako hiri modelo nazia zen, eta 1933ko hauteskundeetako botorako eskubidea zuten herritar ororen artetik 200.000ak Hitlerren NSDAP alderdirako euskarri harrigarria eman zioten.
Une horretatik aurrera naziek hiriaren gaineko kontrola sendotu zuten izu-kanpaina bat zabalduz, azkenik juduen zein Estatuaren kontrako beste etsai askoren hilketak burutu zituztelarik. 1938ko azaroaren 9an gertatu zen Kristallnacht-ean (hautsitako kristalen gauean) hainbat sinagoga birrindu zituzten - eta Kleczkowska kaleko espetxeko gillotinak akzio asko ikusi zuen, Breslauko medikuntza eskolei burua moztutako preso politikoen gorputzak ematen zitzaielarik. Hala ere, ezbehar aurrekari hauek eta errazionamendu zorrotza gorabehera, hein handi batean Breslauko herritarrei Reich-eko beste leku batzuetako herrikideei baino hobeto joan zitzaien. Aliatuen aireko erasoen irismenetik kanpo, bertako biztanleak britainiarren alfonbrako bonbardaketen amesgaiztotik libratu ziren, eta hiria milioi bat biztanle baino gehiagoko populazio hazkorrarekin, halako aterpe segurutzat hartzera heldu zen gatazkak beste leku batzuetan hondamendia egiten zuen bitartean.
Armada alemaniarraren mugimenduak, 1945eko otsaila.
Hala ere, 1944ko bigarren sei hilabetean, azken judizioko egunaren gerra-errealitatea bertako populazioarengan zabaltzen hasi zen. Zauritutako alemanak hiriko ospitaleetara kamioikadaka etortzen ziren, eta Armada Gorria gero eta hurbilago hirira joan ahala, urruntasunean artilleriaren danbada entzun zitekeen. Abuztuaren 24an hiria 'Festung Breslau' gotorleku itxia deklaratu zen eta herritarrak etortzeko zegoen halabeharrezko sarraskirako prestatu ziren. Gauleiter Karl Hanke silesiarra izendatu zuten komandante, eta hura posta-txarteleko hiri bat gotorleku bihurtzeko zeregin zailean lanean jarri zen. Erdigunetik kanpoko -20 Km- gotorleku batzuekin, hiriaren inguruan bi babes-eraztun eraiki ziren, hornikuntzak biltegiratzen ziren eta soldaduak mobilizatzen ziren. 'Ekialdeko harresiaren' babes-elementu giltzarria bihurtzearren proiektatuta zenarentzako, 80.000 gizoneko garnizio bat ziztu bizian altxatu zen. Hala ere, egia esan, armada Hitlerzaleetako kideak ziren gazteez, Lehen Mundu Gerrako beteranoez, poliziez eta erretirako erregimentu-kideez osatutako samalda kaotikoa zen. Barregarriro, haur eta gizon nahaste hau gaizki hornitu zen hurbil ziren sobietarren indar eta oldar guztiari aurre egitearren. Berehalako setiorako atzerako kontaketa hasi zenean, Hanke bere antolamendurako soilik bi tanke zituela konturatu zen, baita zeukan armamentua zaharkiturik zegoela, edo Polonian, Errusian eta Jugoslavian aurreko kanpainetan harrapatutakoa zela. Dena dela, setati, Hankek populazio zibilaren ebakuazioa 1945eko urtarrilaren 19ra arte burutzeari uko egin zion. Garai hartan bonbardaketa sobietarrek garraio-konexioen gehiengoa suntsitu zituzten, ebakuatu asko hiria oinez uztera behartuz. 15°C zero azpitiko tenperatura baxuekin, ebakuazio ezin okerrago honetan 100.000 pertsona hotzez hil zirela kalkulatzen da: tren-geltokian gertatu zen kaosean heriotzara arte zanpatutako haurrak aipatzen dituzten txostenak ere badira. Breslau erabateko izuko egoeran zegoen. Ezkortasuna heriotzarekin zigortzen zen eta urtarrilaren 28an alkatea, Wolfgang Spielhagen Doktorea, exekutatu zuten arrazoi honengatik beragatik merkatuko plazan. Exekuzio-eskuadroiak hirian harat-honat zebiltzan, ezkorrak, harrapakatzaileak eta Aberriarekin beren betebeharra saihestuz aurkitzen zuten edonor hil eginez. Azkenik, aitzinatze azkarraren ondoren, 1945eko otsailaren 15ean sobietarrek hiria inguratu zuten. Breslauren patua zigilaturik zegoen.
1945eko otsailaren 16an, itxaronaldi-hilabeteak azkenik amaitu ziren. Armada Gorriak hiriaren aurkako eraso basatia bota zuen, ehunka tanke borrokara egotziz. Baina garaipen sobietar azkarraren itxaropenak baikorregiak izan ziren, eta gudua laster sarraski basatia bihurtu zen, bi aldeetan baja ugari sortuz. Hiru lehen egunetan soilik sobietarrek 70 tanke baino gehiago galdu zituzten gatazka kale-borroka basatira jaisten zen heinean. Herritar zibilak eta eskulan esklabo zirenak gotorlekuak eraikitzera deituak izan ziren, eta hiriaren eremu handiak eraitsi ziren adreiluak defentsak indartzeko erabili ahal zitezen. Gero eta handiagoa zen etsipenaren seinale gisa, Unibertsitateko Liburutegitik milaka liburu ere kendu zituzten barrikadak eraikitzearren. Martxoan, Szczytnicki eta Grunwaldzki zubien bitarteko bizitegi-zonaldea lautu zen, teorian kanpoko munduarekiko Breslauren konexioa izango litzatekeen inprobisaturiko lurreratzeko pista eraikitzearren. Proiektu itzela hondamen hutsa izan zen. Soilik lan egiten zutenei banatutako anoekin, zibilak su basati azpian lan egitera beharturik izan ziren eta horren ondorioz 13.000 lagun baino gehiago hil ziren sobietarrek ingurua bonbardatu zutenean.
Ofizial alemanak Festung Breslau-ren kapitulazioa negoziatzeko bidean, 1945eko maiatzaren 6an.
Baina txarrena etortzeko zen. Apirilaren 1ean sobietarrek eraso berria bota zuten, eta bonbardaketa biziak hiriko eremu handia su-garretan utzi zuen. Soka motzean, egoeraren gogortzearekin nazien kuartel nagusia Partisanoen Muinoan zegoen bunkerretik Unibertsitateko Liburutegira eraman zuten, borrokak berriz hiriko kanpoaldeko estoldetan eta etxeetan hondamenak egiten jarraitzen zituen artean. Amaiera begien bistan ere izan arren, naziek mingoski azken gizakia erabili eta hil arte borrokatu ziren, oraindik bizi ziren zibilez osatutako huts egindako altxamendu bat zanpatuz. Berlingo gudua amaitu eta bost egun bete igaro ondoren, Breslauk azkenik maiatzaren 6an kapitulatu zuen, bake-akordioa ul. Rapackiego kaleko 14. zenbakiko etxean sinatuz. Aurreko egunean, Karl Hanke, hiritik ihes eginez ustekabean harrapatuz gero edozeinen hiltzea ordenatu zuen horrek, Breslauko inprobisatutako pistatik berarentzako espresuki gordetako hegazkin batean aireratu eta ihes egin zuen. [Apirilaren 29an Hitlerrek Hanke SS-etako Reichsführer gisa Himmler ordezkatzeko izendatua izan ondoren, Pragara hegan egin zuen, baina soldadu txekiarrek harrapatu zuten eta ekainaren 8an hil zen bere atzemaileengandik iheseko saioa burutzean.]
Biziraun ahal izan zuten zibilentzat, gerrako amaierak etsai berria piztu zuen. Armada Gorriaren soldaduek bi milioi emakume alemaniar inguru bortxatu zituztela uste da, eta Breslau ez zen inola ere salbuespenik izan, izan ere soldadu mozkorrez osaturiko talde harrapariak garaipena ospatzen saiatu ziren. Ospitale guztiak hondaturik, eta ur-araztegia birrindurik, epidemiek kontrolik gabeko hondamena egin zuten hiria infernuko kaos sakonenean erortzen zen bitartean. Historiak emandako zifrek iradokitzen dute guztira Breslauko Guduan 170.000 pertsona zibil hil zirela, baita 6.000 soldadu alemaniar eta 7.000 soldadu errusiar ere. Hiriaren %70eko hedadura guztizko hondamenean geratu zen (gutxi gorabehera azken kopuru honen %75a naziek zuzenki hiria indartzeko ahaleginei eransten zaie), 10 km estolda dinamitatu ziren eta elektrizitatearen ia %70a moztu zen. Hirian erregistratutako 30.000 eraikinetatik, 21.600ek kalteak jasan zituzten, uste izandako 18 milioi metro kubikoko bolumena okupatzen zuten eta hiria estaltzen zuten obra-hondakinekin - gerra-hondakin hauen ezabapenak 1960ko hamarkadara arte iraungo zuten.
Jaltako Batzarrak ebatzitako baldintzapean hiria eta Alemaniako ekialde osoa Poloniako zati gisa deklaraturik, ordutik aitzina "Wroclaw" izenez ezagutuko litzatekeen hiriko gobernari berriak bake-ituna sinatu eta hiru egun ondoren iritsi ziren, eta hiriaren historiako hurrengo kapitulua idazten hasi. Ekialdean bizi ziren poloniarrak trumilka iritsi ziren, enplegu ugariko zurrumurruek, ondasunak eta kalterik gabeko etxebizitzek limurturik Wroclaw birbetetze helburuarekin. Kolono berri hauen %10 baino gehiago Polonia ekialdeko Lwów hiritik (gaur egun Ukrainiako Lviv) zetozen eta migrazio masibo honek Wroclawen konposizio demografikoa errotik aldatuko zuen. Merkatu beltzeko merkataritza eta anarkia nagusi izan ziren, errusiarrez, alemanez edo poloniarrez osatutako banda arpilatzaile armatuak, gauez, edariari emanez, arpilatuz eta tiroak jaurtikiz harat-honat kalean zebiltzan bitartean. Dirutza handiak egin ziren lapurtutako objektuen salmentari esker, berez, ondare guztien gehiengoak geroago Grunwaldzki plaza bihurtuko zen inprobisatutako pistan kokaturiko atari zabaleko bazarrean bukatzen zuten.
Gerra amaierak hiria degermanizatzeko kanpaina aktiboa ere markatu zuen. Egunkariek Wroclaweko oinordetza alemaniarra adierazten zuten edozein arrasto ezabatzeko txapelketak antolatu zituzten, hainbat monumentu eta kartel adierazgarri haserre ikonoklasta honetako biktimak izan zirelarik. 1945aren amaieran 300.000 aleman inguru bizi ziren oraindik hirian, zeintzuetatik lagun ugari Poznanetik etorri ziren eta behin-behinekotasunean hirian kokatuak izan (agintari poloniarrentzako premiazko kezka sortzen zuen kontua izan zen). Deportazioak uztailean hasi eta 1948ko urtarrilerako amaitutzat eman ziren, eta Wroclaw ofizialki biztanle alemaniarrik gabeko hiria deklaratu zen (aldiz, hirian alemaniarrak baziren oraindik, 3.000 inguru, poloniarrak kualifikatuta ez ziren lanpostuei esker mantentzen zituztelarik).
Hiria aurrietan, 1945eko maiatza.
Geroago sobietizatze prozesuak jarraitu zion, eta Wroclaw, sozialismo poloniarraren loriak nabarmentzera zuzendutako propaganda-trikimailu helburua zuen Berreskuratutako Lurraldeen Erakusketa egoitza aukeratu zuten. 1,5 milioi bisitari baino gehiago erakarri zituen indarrean izan zen hiru hilabeteetan zehar, eta azkenik 1948ko urriaren amaieran itxi zen, eta bere itxierarekin Wroclawera ekartzeko inbertsioa eta nazio-interesa bereziki ahaztu ziren. Hurrengo urteetan zehar, hiria, Varsovia hiriburuaren elikatzaile bihurtuko zen, artelan ezin baliotsuagoak bertara garraiatuz. 1949an soilik 200.000 adreilu inguru bidali ziren egunero Varsoviaraino, hiriburu poloniarraren berreraikitzearren tematuta ziren eraiste-taldeek kalterik gabeko hainbat eraikin ere eraitsi zituztelarik. Wroclawen errekuperazioa oraindik oso urrun zegoen.
Egia esan, gaur egun Wroclaweko kaleetatik ibiltzean Festung Breslauren arrastoak oraindik nonahi diren arren, gehienak markaturik gabe daude, helezinak dira edo funtsean ezagutezinak ere badira. Lur azpiko bunkerrak eta aterpe antiaereoak begien bistatik ezkutuan daude, Partisanoen Muinoko bunkerraren, Pl. Solny lurrazpiko aterpe antiaereoaren, ul. Ladna, ul. Slowianska eta ul. Strzegomski kaleetan diren lur gaineko aterpe antiaereo erraldoien salbuespen nabarmenak izan ezik: ul. Strzegomski kaleko aterpeak, hain zuzen Wroclaweko Museo Garaikidea aterpetzen du. Bi hilerri sobietar daude hiriaren aldirietan: ofizialentzako bat, Karkonoska Al. kalean, eta oinarrizko soldaduentzako beste bat Skowronia Góran. Katyn-eko basoan Errusiako soldaduek exekutatutako ofizial poloniarren oroimenezko monumentua salbuetsiz, orain arte, hala ere, inongo monumentu ofizialik edo oroimenezko bestelako monumenturik eraiki hiriaren erdigunean gerran hildako mila eta mila errugabeko biktimak oroituz. Era berean, Wroclawen ez da bereziki Bigarren Mundu Gerrari edo 1945eko setioari eskainitako ezein museorik, nahiz eta Errege-Etxeak laburki ukitu "Wroclawen 1000 Urteak" izeneko erakusketa iraunkorrean hiriaren historiako kapitulu hau.
Fuente: https://www.inyourpocket.com/wroclaw/Festung-Breslau:-The-Siege-of-1945_70304f