Polonia 2005eko apirilaren 2an, Karol Józef Wojtyla Aita Santua zendu zen egunean, nolabait izozturik geratu zen. Herrialde osoak Joan Paulo II.aren heriotzagatik negar egin zuen. Astebete osoan zehar, telebista-programazioa guztiz aldatuta eskaini zen eta etengabe eguneko 24 orduetan zehar bere bizitzaren gaineko saioak eta elkarrizketak eman ziren; telebistako kanalek bere pantailak marko beltzetan jarri zituzten; ezkilek jo zuten Poloniako eliza eta katedral guztietan aldi berean egunero eta astebetez, Aita Santua hil zen une zehatzean (21:37an); Polonia osoko herritarrek bere heriotza sentitu zuten, hiriko parkeetan kandelaz gurutze handiak argitu zituzten, eta bere alde otoitz egiteko tenpluetara joan ziren; Wroclaweko Katedralean milaka pertsonak isiltasunean ilaran jarri ziren aldarera heltzearren, Joan Paulo II.aren argazkiaren eta hiria egindako azken bisitan eseri zen besaulkiaren aurrean belauniko jartzeko, eta Komunismotik ihes egiten Poloniari lagundu zion Aita Santu poloniarrarengatik otoitz egiteko; otoitz laburra amaitzean, denek Poloniako Errepublikaren bandera azpitik igaroz irten ziren.
2006an Wroclawek plaza bat eskaini zion Joan Paulo II.ari. Plac 1-go Maja (Maiatzaren Leheneko plaza) zena, kasko zaharrean hiriko mendebaletik sartzea herritarrari aukera ematen dion plaza irekia, Plac Jana Pawla II deitzera pasatu zen.
Izen-aldaketak zirrara handia eragin zuen. Wroclaweko herritar askorentzat aldaketak ez baitzuen inongo zentzurik, jaiegun honek (indarrean oraindik Polonian) Erregimen Komunistarekin zerikusirik ez duelako. Gainera, berez leku honetan kokatutako eraikin gehienak ezin dira Aita Santuarekin lotu eta, paradoxikoki, Joan Paulo II.ak 1997an egindako bisitan plaza honetatik ez igarotzea erabaki zuen. Hiritar batzuek gainera, aldaketak beharrezko ez ziren gastuak eragin zituela salatu zuten. Izen berria izan arren, herritar askok izen zaharra erabiltzen jarraitzen dute.
2014ko apirilaren 27an kanonizatu zuten eta San Joan Paulo II.a izena hartu.
Argazkia Santa Isabelen elizaren atearen aurrean aterarakoa da.