eu | es | en  

Argazkiak



Odra ibaia

[eu] 42.- Odra ibaia.

Silesia Behereko eskualdea, Dolnoslaskie, mendebaletik ekialdera eta iparretik hegora pasatzen diren merkataritza-bide zaharreko bidegurutzean aurkitzen da, oraindik gaur egun garrantzitsuak direnak Europako garraio-bide sarean. Silesia Beherean zehar doan Odra (Oder alemanez) ibaiak garraio-indar handia du. Wroclaw ezin da Odrarik gabe kontzebitu. Adar, erreka eta kanal ugariekin, zabaltzen den ibai handi honek hiria definitzen du (Odra, Sleza, Widawa, Bystrzyca, Dobra biek eta dozena bat errekek zeharkatzen dute Wroclaw). Ur-mailaren arabera 25 dira hiriaren mugetan osa daitezkeen uharte desberdinak (lau uharterik zabalenak Piaskowa, Slodowa, Mieszczanska eta Kepa Mieszczanska dira) eta 100 zubi inguru eta 33 pasagune dira uraren gainean gurutzatzen direnak, zeintzuek horrenbeste bizitza, izaera eta lilura ekartzen dioten Silesia Behereko hiriburuari; bide batez esan, 303 zirela gerra aurreko Breslau hirian ziren zubi eta pasaguneak. Hainbeste kanalez, zubiez eta pasaguneez, ez da harritzekoa Wroclawek "Poloniako Venezia” ezizena izatea, bi hirien artean diren desberdintasun handiak kontuan hartu gabe.

Erromatarrek Viadrus edo Viadua bezala ezagutzen zuten Odra, eta 990. urte aldera lehen aldiz Odera bezala aipatua izan zen, Mieszko I. dukearen agintaldiaren pean jatorrizko Poloniako mendebaldeko muga gisa dokumentatu zenean. Mendeetan zehar ibaiak hirian gero eta garrantzia handiago hartzen joan da, bai Errusia, Alemania eta Bavaria elkartzen zituzten merkataritza-bideengatik (merkatari poloniarrak aberats zitezen eragin zuena!), baita bizitza- eta energia- iturri bezala ere. Dagoeneko XIII. mendean inguruko nekazaritza-ekoizpena babestearren presak eraikiak ziren eta errotek eta ur-gurpilek ibaiaren korrontea aprobetxatzen zuten energia sortzeko.

Odra ibai nabigagarria da; gaur egun Wroclawek bi portu Odra ibaian (baita kanoa-portuak eta belaontziak eta txalupak lotzen ahalbidetzen duten tokiak ere) eta ibaiak bertako merkataritzaren goranzko ekonomian paper garrantzitsua izaten jarraitzen du, Baltikoko portuekin eta Europa barnealdeko bide nabigagarrietako sistemarekin garraio konexio bikainak eratuz.

Unibertsitatearen zubian, hiriaren erdialdean, kirol-portu berriak kirol-ontzi eta laketontziak babesteko portua dago. Uda-sasoian, laketontziak nabigatzen dira ibaian, hiriaren mugaren barruan bidaiak antolatuz. Erdialdean hain zuzen, Museo Nazionalaren inguruan, Gondolaren Badia izenekoan (Zatoka Gondol) ontzi baten alokairua egiteko aukera dago.

Iturria: Odra ibaiaren bazterrak zaharberrituak (wroclaw.pl).

Odra Poloniako bigarren ibairik luzeena da, Vistularen ondoren, eta Poloniako barrualdean 742 kilometro eta Txekiar Errepublikan aurreko 112 kilometro egiten ditu, Oderreko mendietan sortzen delarik. Itsaso Baltikora hurbiltzean, bere luzeraren 187 kilometro dira Alemania eta Polonia arteko muga definitzen dutenak.

Wroclaw 2016 argazki erakusketa